umorezkoak; kolore guztietakoak

Bainuontzia

Hiru minutu neraman bainuontzian, gozo-gozo. Gero lau izan ziren eta apurtxo bat aurrerago, zazpi. Momentu hura definituko zuten parametro guztiak zehatz kalkulatu nituen eta bete-betean asmatu nuen. Huraxe zen nire unea. Minutu horiek lehenago ura 44 graduan jarria nuen eta, artean, ez zuen beroa galdu, oraindik bai baitzituen 38 edo 39. Hatz-mamiak beratuak eta zimurtuak nituen, ur apardunean igerian, eta uraren tenperatura nirearekin berdindu ahala izaki bakarrean bihurtzen hasi ginen; hura eta ni; ni eta ura. Gorputzak bere grabitatea ezbaian ipini zuen eta haren zama bezala joan ziren desagertzen nire larritasunak, estuasunak, buruhausteak eta abarrak. Lurrunak aurpegia umeldu zidan tanta ñimiño ia ikusezinez, bekokiak eta aurpegiak izerditzen zutenekin bat eginez. Bainu-gatzen lurrinak eta lurrunak bainugela blaitu zuten, zopatu, eta sudur-hobiak zabaldu zizkidaten nigan sentsazio ia orgasmikoak sortuz. Gozamen horretan abandonatu nuen nire burua.

Horregatik-edo, lekuz kanpoko hots hori lehenago entzun zuten nire belarriek nire garunak baino. Ez zegokion une horri, ezta leku horri ere. Egoera atsegin estralurtarrean murgiltzen ari nintzen eta kosta egin zitzaidan ohiko hots hori, hots erregular hori, erreglamenduzko klik-klak metaliko hori identifikatzen; norbait sartu zen etxean. Zuzen esate aldera, norbait etxeko giltzak baliatuz sartu zen etxean!

­—Ezetz, ba —izan zen hurrena—, ez dagoela inor —urruneko murmurioak—, uzteko hire paranoiak…

—Bai, ostia, baina nik ez diat ateratzen ikusi.

Garuneko neuronabide guztiak atoan libratu zitzaizkidan. Ze demontre! Norbait sartu duk etxera.

Itoaldia sumatu nuen. Perlesiak jota sentitu nuen nire burua.

—Aber, txo, kirten hau bakarrik bizi duk eta sekula ez dik bere Porsche Cayenne dotorea aparte izaten —irri zuriz bota zuen Porsche Cayenne, ia-ia irudika nezakeen tipoa ukondoa sahietsen kontra eta esku ahurra airean dantzan—, eta karroza ez zegok garajean.

Ahotsak urrutitik zetozen, baina ongi garbi.

—Tira, bai, hor arrazoi duk —jakina arrazoi zuela, izan ere Porschea, hain zuzen ere, ez zegoen garajean.

Pixkanaka-pixkanaka ahotsak sendotzen ari ziren, euren jabeen segurtasuna indartzen ari zenaren seinale. Bi tipoak korridoretik ari ziren gerturatzen; bainugelako atera gerturatzen, alegia. Metal-hotsak entzun nituen, lan-tresnak izan zitezkeen. Edo, batek daki, baita armaren bat ere. Ahal bezain geldien eutsi nion, edozein mugimenduk, plisti-plasta txikienak ere, sala bainintzakeen.

—Ba badakizue, utzi pitokeriak eta lanera —badakizue, pentsatu nuen, zenbat dira, ba?—, hi, ekar itzak zerra eta zulatzeko makina; eta esaiok Joxerramoni, iristen denean; ostia, kostatzen zaio lau solairu igotzea, gero; has dadila kutxa gotorra zabaltzen.

—Badakik, nagusi; batetik odolki bat baino gizenago zegok eta, bestetik, poltsa handia hartu dik. Ailegatzen denean ailegatuko duk.

—Beti berdin, Pako, nagusi esan bai baina gero pito puntan jartzen zaizuena egiten duzue —esan zuen nagusi itxura hartu nionak. Pakok haren bigarrena zirudien…—. Beti kontu bera…

Nagusia, Joxerramon eta Pako. Hiru gutxienez badituk.

—Non zegok Joxerramon? —eten zuen emakume baten ahots zakarrak. Lau.

—Gizena dagoela eta iritsiko dela —Pako.

—Arraioa, berak dik nire segapotoa.

—Egin behar dugunerako ez dun behar —berriz Pako.

—Hik jakinko duk.

—Bueno, bueno…

Eta ni, kieto. Urak jaitsia zuen nire tenperaturaren langa.

—Ostia, zuek zarete putakume kuadrilla, konpresorea zamatu behar izan dut —hemen da Joxerramon—, zuen amonak jaitsiko du gero. Asto zaharra baino astunagoa da.

—Ez hadi kexa —ahots berri bat, glups—, puxka jasoko duk eta, gainera, kirol pixka bat egin.

—Hik arrazoi, Fiti —beste ahots bat, seigarrena, Marx anaien kamarotearen antza hartzen ariko zen hura—, behar dik eta.

Irri eta trufa zalaparta izan zen ondorio zuzena. Gustu txarreko iseka trauskilek ezinegona areagotu zidaten. Kanpoko burrundaren eta hotzaren artean, gainera, dardarka ari nintzela konturatu nintzen; lehenagoko beroak eta epelak azalean marraztutako zimurretan, orain ur hotza zebilen bere kasa. Beste aldean iskanbilak bere horretan jarraitzen zuen, eta nik galdua nuen kontua; ez nekin zenbat jende sartu zen etxera.

Sei gizon eta bi emakume gutxienez bai. Hori banekien.

—Tira —hau ezagun nuen, nagusia—, utzi olgetak behingoz eta has gaitezen. Etxeko kaikua azaltzen bada, gureak egingo du eta.

Derrepentean guztia irauli zen. Soinuak aldatu egin ziren. Desagertu ziren barreak eta isekak, eta agertu jarraibideak, galderak eta azalpenak. Hotsak ezberdinak eta zehatzak ziren.

—FAC klasiko bat —Pakok.

—Zerrapoduna eta konbinazioduna.

Kutxa gotorraz ari ziren.

—Maleta.

—Kopetakoa, fonendoa, matxardak.

Zirujaua lanean.

Isiltasuna. Isiltasun handia.

Minutu bat. Hotz handiagoa nuen eta lasaitu antzera egin nintzen; inori pixalarririk etorri arte, behintzat, libre nintzen.

—Hau listo. Orain zerrapoa.

—Nire txanda.

Entsegu ugari egina zuten.

—Sopletea.

—Ipini goma.

Sopletea? Goma? Hitz horiek entzunda beldurra hurrengo estadiora pasa zen, izu egin zen. Hotz nintzen baina segundu gehiegi zituzten minutu horietakoren batean dardar egiteari utzi nion. Tentsio handiegia dardaratzeko.

—Jantzi betaurrekoak.

—Pako, Fiti, Karmen, hasi gainontzekoa ekartzen.

—Kasu, hau martxan da! Ipini aurpegi-babesak!

Garraren zarata isila bakarrik entzun nezakeen, ezer gehiago ez. Pelikularen batean egon nintekeen, Michael Caine sar zitekeen edozein unetan, pixalarriaren kariaz.

Detonazio txiki bat ondoren, eguneroko edozein burrundatxorekin nahas daitekeen kontrolpeko leherketa bat; suffle baten eztanda baino handixeagoa eta puxika batena baino txikixeagoa.

—Badago!

Bainugelako ateak itxita jarraitzen du, baina plastikoaren erre-usaina erraz pasa da. Harentzat ez da itxitura onik.

—Hi, ekar itzak poltsak.

Eta berriro hasi ziren guztiak batera hizketan. Berriz irriak, berriz algarak, berriz aldarriak eta txilioak. Gora gu ta gutarrak.

—Ostia, hau betea zagok!

—Bai, kar, kar, kar… pasa poltsa bat.

—Hik billeteak poltsa honetan —ahaztua nuen nagusia— eta hik har itzan urrezko pitxiak. Urrezkoak bakarrik!

Ahotsak nahas-mahas batean iristen zitzaizkidan, eta gainerako zurrunbiloa ere ez zen lagungarri. Hala ere, ni geroz eta lasaiago nengoen, seguru sentitzen hasia nintzen, ez bainuen uste hartara inor bainugelan sartuko zenik. Hori bai, zirkinik ere egin gabe eutsi nion.

—Hiru minutu eta ospa hemendik —gustuko zuen, bai, aginduak ematea.

Hiru minutu eta alde egingo zuten.

Hiru minutu eta bakarrik geratuko nintzen. Berriro.

—Karmen, Joxerramon, Luzia; konpresorea, sopletea eta aurpegi-babesak.

—Jon, oharra —hori kabroi kuadrilla, pentsatu nuen, ohar bat jarriko ditek gainera.

—Dena daukagu?

Bai, arraioa, dena daukazue.

—Bai, arraioa, dena daukagu.

—Bai.

—Guk ere bai.

—Martxa.

Urrats hots eta kolpe kalapita labur baten atzetik, isiltasuna. Isilaldia.

Bi minutu gehiagori utzi nien joaten. Arimarik ez zen han.

Dardarizo batean atera nintzen bainuontzitik eta lehortu ere egin gabe jantzi nuen arropa. Kontu handiz ireki nuen bainugelako atea eta astiro eta hotsik egin gabe atera nintzen handik. Bi gauza egiaztatu nituen; bat, han, hain zuzen ere, arimarik ere ez zela geratzen; eta, bi, lapurrek, zertan zebiltzan ongi bazekiten ere, egundoko txikizioa egin zutela bertan, triskantza, hondamena. Guztia zegoen hankaz gora, hautsa non-nahi, txintxorrak eta adreiluak han eta hemen, errearen kiratsa…

Korridorea gurutzatu nuen aldetik aldera, aterantz. Ez zuten hura ixteko lanik hartu eta pentsatu ere egin gabe esan nuen, ozen:

—Eta hiru; joder, Ixidro, ez haiz berehalakoan sartuko berriz bizilagunaren etxean bainu bat hartzera…

One Comment

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude