opariak

Zirilo eta Mikel Osinaga

Behin batean, orain dela pare bat urte, bazen Zirilo izeneko mutil bat. Euskal Herriko edozein hiritan bizi zitekeen, baina herrixka batera etorri zen bizitzera, kanpotik. Mutiko potolo-potoloa zen Zirilo; gizena bezain makala. Edozein ikastolatan ikas zezakeen, baina herrixka horretako ikastola publikoan ari zen ikasten. LHko edozein mailatan izan zitekeen, baina 6. kurtsoan zebilen. Kontua da gorputz heziketan eta horrelakoetan oso gaizki moldatzen zela eta askotan barregarri gertatzen zela gainerako ikasleen aurrean. Bestalde, ez zen futbolean eta pilotan aritzen, gainerako neska-mutikoak bezala, eta zaletasun arraroak zituen; esaterako, txisteak eta ipuinak kontatzea. Horretan fenomeno bat zen.

Ikaskide asko biltzen zen bere inguruan ipuinak eta, batez ere, txisteak entzuteko. Bertakoa balitz, Txirritaren gaztetako traza hartuko genioke; patxadatsua eta alaia, bertsolari zirtolari hark zuen graziaren pareko.

Baina baziren ikastola horretan Ziriloren etsai zirenak ere, eta ezin ikusi zutenak; hain zuzen ikasle andana ekartzen zuelako bere ingurura, haiei protagonismoa kenduz. Errekreoan eta, bilkura ederrak antolatzen zituen, eta ipuinaren amaieran goxokiak eta edari freskagarriak ematen zizkioten, eta, batez ere, txalo zaparrada.

—Tori, Ziri —modu horretara deitzen zioten klaseko lagunek—, gaur txokolatearen ordez gazta eta txorizo muttur bat ekarri dizugu.

—Eta nik laranja zukua —beste batek—. Baina txiste berdea kontatu behar diguzu.

Eta orduan, Ziri kontukontari hastera zihoanean…

—Zer egiten duzu hor, fatty nazkantea! Zirilo baino gehiago kuadrado zara zu. Eta zuek alde hemendik lehenbailehen! Baina, entzun lehenengo, badakizue zeinek botatzen dituen puzker handienak? Fatty Kuadradok, holako ipur halako puzkar, ja, ja, ja. Tori txiste marroia! Zer, ez duzue barrerik egiten, ospa orduan hemendikan, agudo!

Mikel Osinaga eta aldameneko bi motordunak ziren barre algaran hasi zirenak. Gainerakoek, beldurrak jota, hanka egin zuten, bazekitelako haiek zirela jaun eta jabe patio hartan.

Gaiztoa bezain aberatsa zen Mikel Osinaga, eta boteretsua, horregatik zituen beti aldamenean bi neska motordunak, brum, brum, brum. Inor ez zen ausartzen haiei ezer esatera, ezta maisu-maistrak, zer gerta ere. Mikel Osinaga buru zela, ahal zuten guztietan adarra jotzen zioten Zirilo gizajoari.

Behin 6. mailako ikasle guztiak bildu zituzten eta mehatxupean eta brum-brum-brum hots-zarata atereaz honela bota zieten:

—Hemendik aurrera guk agintzen dugu klase honetan. Eta entzun ongi guztiok! Zuetako bakoitzak zerbait ekarri beharko digu etxetik egunero-egunero, bestelaaa…! bruuummm, bruuummm, bruummm —hasi ziren bueltaka motordunak kasko izugarriak buruan zituztela.

Hainbat ikasle marmarka hasi zen protesta eginez, baina Mikel Osinagak isilarazi egin zituen berehala:

—Ixo! Demonio kaikuak! Eta hobe duzue gure aginduak bete —esan zuen garrasika Mikel Osinagak.

Ikasle guztiak beldurturik zeuden eta Mikel Osinagak agindutakoa betetzen hasi ziren. Mikel Osinaga eta bi motordunak patioaren erdian jartzen ziren egunero eta klasekoek zerbait eramaten zieten etxetik ekarrita: txokolatea, txikleak, goxokiak, tarta-zatiak. Baita gurasoei ostutako zigarroak ere… Zirilo zen ezer eramaten ez zien bakarra, gaixoak ez baitzuen zer eramanik.

Behin hala esan zion Mikel Osinagak harro-harro eginda:

—Aizu, zirilo potolo, ipur-mukuru, zatoz hona!

Zirilo gizarajoa zurbil-zurbil hurbildu zitzaien.

—Zuk zer dela eta ez diguzu ezer ekartzen? —galdetu zion zakar-zakar MiKel Osinagak.

—Ezer ez duenak ezin ezer eman —erantzun zion Zirilok, gaizki hartuko zutela jakitun.

—Aizu, fatty nazkante, gurekin txantxa gutxi gero! —egin zion garrasi Mikel Osinagak. Eta motordunei zarata hotsa ateratzeko agindu zien.

Bruummm, bruummm hasi ziren motordunak pixkanaka Zirilorengana hurbilduz. Halako batean motordunak gurpil bakarraren gainean jarri ziren, zaldiak irrintzika bailiran, Zirilo makurraraziz, lurrera botaz eta etzanaraziz.

—Tori!

Zirilo lurrean zegoela bi zaplasteko eman zizkion Mikel Osinagak eta ostiko pare bat saihetsetan bi motordunek.

—Guri adarra jo nahi izateagatik —beste guztiei begiratu mehatxagarria helaraziz.

Zirilo gaixoa lurrean etzanda geratu zen, konortea galtzeko zorian. Altxatzen saiatu zen, baina zorabiaturik zegoen, eta minak eta bere gorputz potoloak ez zioten zutitzen uzten. Bitartean, Mikel Osinagak eta bi motordunak barrez lehertzen ari ziren Zirilo gizajoaren lepotik.

—Altxa zaitez lurretik, potolo-kokolo! —esaten zioten burlaka.

Gaua etorri zen eta denak etxera bildu ziren; baita tirriki-tarraka Zirilo ere. Mikel Osinagak eta bi motordunek, aldiz, kriston parranda egin zuten eta tabernaz taberna ibili ziren, eta mozkor-mozkor eginda etxeratu ziren. Hurrrengo egunean ohetik ezin altxata ibili ziren berebiziko ajearekin eta ez ziren egun horretan ikastolara joan.

Egun hartan, Mikel Osinaga eta bere bi lagun motordunak ez zirela aprobetxatu zuten Zirilorekin biltzeko.

—Ez dago eskubiderik. Honek ezin du horrela segi —kexatu zen haietako bat.

—Baina zer egin dezakegu guk? Oso ahulak gara Mikel Osinaga boteretsuari eta bi motordunei aurre egiteko —esan zuen beste batek.

Denak isilik geratu ziren. Orduan Zirilok hitz egin zuen:

—Erleak ere oso txikiak eta ahulak dira banan-banan hartuz gero. Baina erlauntzako erle guztiek eraso eginez gero, nor ez da izutzen?

Berehala ulertu zuten ikasleek Zirilok adierazi nahi izan ziena. Beraiek ere erleak bezain ahulak ziren banan–banan hartuz gero. Baina denak elkartzen baziren, erraz menperatuko zituzten Mikel Osinaga eta bi motordunak.

Eta hurrengo egunean patioan zeudela, txikleak, txokolateak, eta abar ekarri zituzten, eta horiek hartzen ari zirela denak ezkutuan zituzten harri koxkorrak eta txintxetak botatzen hasi zitzaizkien. Motordunak hasi ziren bueltaka, baina txintxetek gurpilak zulatu zizkieten, eta motorrak ez aurrera ez atzera geratu ziren, eta handik ospa egin zuten korrika. Mikel, ordea, ihesean zihoala txintxetak zapaldu eta lurrera joan zen, minez. Altxa baino lehen han joan zitzaizkion gainera denak; baita Zirilo ere. Altxa hadi orain, Mikel epel, gorriak ikusiko dituk, eta kolpeka hasi ziren, zein neurritan, ezen ospitalera eraman behar izan zuten.

Handik bi egunera, MIkel oraindik ospitalean zegoela, Zirilo bisitatzera joan zitzaion, eta agurtu eta barkamena eskatu ondoren, ohe ondoan jarrita, Ziripot eta Miel Otxin ipuina kontatu zion. Orduan konturatu zen Mikel ordurarte egindako gaiztakeriez eta besarkada elkarri emanez, lagunminak egin ziren. Eta hala esan zion MIkelek:

—Zirilo, Zirilo, Zirilo maitagarria, kontalari, kontalari, kontalari miresgarria.

Galdu duenak, galdu duenak

ipuinaren haría,

asma dezala, asma dezala

beste bat berria.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude