mikroipuinak

Putakumeak

Putakumea I


Putakume bat naiz, seko putakumea, putakume totala. Justiziaren izenean kale gorrira jaurtitzen dut jendea; justiziaren izenean gartzelaratzen ditut errugabeak eta askatzen errudunak; justiziaren izenean bizi naiz herriaren pentsura, neskamez eta otseinez inguratuta.

Dios, zenbat gustatzen zaidan!

Putakumea II


Putakume-lehiaketa egin zuten, putakumeenen artean putakumeena zein zen erabakitzeko. Saria eman gabe geratu zen, epaimahaikideak aurreko edizioetako putakume irabazleak izan baitziren.

Putakumea III


Komisarioak alde egin zuenean hilotza bainuontziaren aldamenean zetzan. Etxera iritsi, emazteari ezpainetan musu eman eta hark prestatu ziona afaldu zuen, gogo onez. Morroiren batek gorpua errekara botako zuen ziurtasunak lo indarberritzailea eskaini zion.

Putakumea IV


Banketxeko zuzendari nagusiaren bulegoan sartu eta pistolaz destatu zuen besaulkian eserita zegoen gizona. Atearen beste aldean zeudenek hitz bakarra entzun zuten:

—Putakumea!

Putakumea V


Goizero esnatzen ninduen amak, lanetik itzultzen zenean, gosaria eman eta eskolara bidaltzeko. Eskolara bidali egiten ninduen, nekatuegi izaten baitzen eskolaraino laguntzeko.

5 Comments

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude