serioxeagoak

Naim

Gaur ere ezin izan dut lorik egin. Alboan izan ditut, eta, amak eta Aaliyahk ere ez dute batere lorik egin; denbora luzea da aita ez dela gurekin. Nekaturik gaude, goseak amorraturik eta beldurrak sorgortuta; gainera, gauez asko hozten du, eta oihalezko hormek ez digute batere berorik ematen. Gure etxea, orain, oihalezkoa da.

Begiak biltzen ditugun gutxietan ere, bonben burrundak ernarazten gaitu.

Ni Naim naiz eta 10 urte ditut, Aaliyah nire arreba da eta 7 urte ditu. Ama eta hirurok elkarrekin bizi gara orain. Lehen, aspaldian, urtebete baino gehiago dela, horma sendoko etxean bizi ginen, eta aita ere gurekin bizi zen; sendagilea da eta egunero joaten zen lanera. Amak esaten digu lehen baino lan gehiago egin behar duela orain, askoz gehiago, eta horregatik ezin dela gurekin bizi.

Nik uste dut aita hilda dagoela.

Oihalezko gure etxea oso txikia da. Gela bakarra dauka eta komunik ez du. Sukalderik ere ez. Horregatik joaten gara egunero janaria banatzen dutenengana, nahiz eta batzuetan ez duten izaten ezer guretzat (beste batzuetan, egon ere, ez dira bertan egoten). Tarteka irratia ere entzuten dugu, eta irratian gerraz aritzen dira, gu bere hatzaparretan harrapatu gaituen gerraz. Aaliyahk zazpi urte ditu eta ez du ezer konprenitzen.

Nik, aldiz, baditut hamar urte beteak eta guztiz jabetzen ez banaiz ere, badakit zer ari den gertatzen. Eskolan ikasi genituen gerretan pertsonek eta herriek elkarren kontra borrokatzen zuten, baina ez dut uste hau gerra bat denik, izan ere, haiek bakarrik egiten dute tiro. Amari galdetzen diot horrek zer izen duen, ez baita gerra, baina berak ere ez daki zein den erantzun zuzena; edo ez dit esan nahi. Oihalezko etxe pila bat dago geurearen inguruan.

Lehen horma sendoko etxe batean bizi ginen, uste dut esan dudala lehenago, baina hori aspaldian izan zen. Han ez nuen hotzik pasatzen, izaten zen zer jan eta, batez ere, lagun pila bat nuen; Ibra aldameneko atean bizi zen, Yasu eta Nassim gorago, Tariq beheko solairuan eta Farid ondoko etxean. Elkarrekin joaten ginen eskolara, eta elkarrekin jostatzen ginen ahal genuen guztietan. Batzuk zaharrago eta beste batzuk gazteago, inguruan ibiltzen ziren Axa, Nadia, Selim, Samira eta beste askoz gehiago ere. Noizean behin etxera itzuli behar izaten genuen korrika, beltzez jantzitako gizonak heldu zirela-eta. Orain inguruko oihalezko etxeetako umeekin egoten naiz, baina ez gara jostatzen; batzuetan borroka egiten dugu eta beste batzuetan elkarren aldamenean egon. Horietako bat, Bilal, nire lagun egin da. Hori uste dut, behintzat. Lehenago ez genuen elkar ezagutzen, baina badakit bera ere horma sendoko etxe batean bizi zela, eta elkarri kontatzen dizkiogu iraganeko pasadizoak eta bihurrikeriak.

Egun hartan beltzez jantzitako gizonak, atea bota, eta etxean sartu ziren. Garrasi batean sartu ziren, ateak kolpatuz, beldurra zabalduz, etxeko gauza guztiak hautsiz. Ezin nituen euren hitzak ulertu, baina ekintzak bai, ekintzak ederki konprenitu nituen; gosaria mahaian utzita bota gintuzten etxetik. Kalera.

Eta hantxe ziren, kalean, gure aldamenean, Ibra, Yasu eta Nassim. Baita Tariq eta Farid ere, bakoitza bere familiarekin. Elkarri begiratu genion; inork ez zuen irribarreik bisaian. Haraxeago zeuden Axa, Nadia, Selim eta Samira ere. Nik negargura nuen. Jende asko bildu ginen kalean. Guztiak ari ziren intzirika eta aieneka. Guztiok ari ginen intzirika eta aieneka. Ez nuen hotzik, baina ezin nion dardara egiteari utzi. Bi egun eta bi gau eman genituen inguruko parke batean. Jende pila bat ginen bertan, eta parkean beti jostetan aritzen baginen ere, egun horietan ez; egun horietan Yahannama zen hura. Beltzez jantzitako gizonak izango ziren zabaniyak.

Guri ez ziguten minik egin, baina beste askori bai. Gure aita eta beste sendagile batzuk min hartu zutenak sendatzen ari ziren, baina batzuk gutxiegi ziren eta besteak gehiegi. Hildakoak ez zituzten parkeraino ekarri, etxe-atarietan bertan utzi zituzten. Hirugarren egunean desagertu egin ziren beltzez jantzitako gizonak, baina ezin izan genuen etxera itzuli.

Hegazkinek goitik behera botatako bonbek goitik behera eraitsi zituzten etxeak. Amak negar isilean begiratu zion etxeari edo, hobe esanda, etxea zegoen lekuari. Han geratu ziren arropak, eta han zeuden jostailuak, eta han desagertu ziren eskolako liburuak. Aaliyah eta biok ere negarrez ari ginen. Badakit harrabots handia zela une horietan, baina nik ez nuen deus entzuten. Belarriko zuloak arakatu nituen behatzez, zerbaitek buxatu ote zituen begiratzeko, baina han ez zen ezer.

Batzuek hondakinetarantz egin zuten. Gure amak eskutik heldu gintuen eta beste alderantz bultzatu gintuen. Oihalezko etxera eraman gintuzten kotxe batean.

Orduz geroztik ez dugu aita ikusi.

Lehenengo egunean lagun bat egin nuen, baina ez dakit haren izena; ezagutu eta biharamunean hil zuten.

Oihalezko etxean ogia eman zigun gizon batek, eta ahora eraman nuenean konturatu nintzen gosaria amaitu gabe utzi genuela, eta baraurik geundela aspalditik. Negua aurki heldu zen, eta hotz egiten zuen. Denbora asko daramagu oihalezko etxean bizitzen, eta horrek badu abantaila bat; etxea hartu eta beste norabait joan gaitezke bizitzera. Askotan aldatu gara lekuz, geundenean bonbak botatzen zituztelako. Oihalezko etxetik, oihalezko etxera.

Egia esateko, ez dakit norbaitek oihalezko etxeak lekuz aldatzen dituen edo lekuz aldatzen garenean oihalezko beste etxe bat ematen diguten. Guztiak berdinak dira.

Gaur irratian esan dute gerra amaitzear dela. Oraindik gerra esaten diote. Osteguna da, eta astelehenean amaituko dela. Jendea dantzatzen eta kantatzen ari da; etxe hondakinen gainean zoriontasuna ospatzen. Bilal etorri zait bila, eskutik heldu nau eta korrika eraman nau ospakizunetan ari direnengana, gerra amaitu dela ozen esanaz. Aaliyah ere gure atzetik atera da. Aspaldian ez nion halako irribarrerik ikusi arrebari. Orduan beltzez jantzitako gizonak azaldu dira.

Oihalezko etxeen artean dabiltza korrika, kolpeka, tiroka. Gizon horietako batek oihalezko gure etxea tirokatu du. Akaso ez daki, baina ama barruan dago. Akaso ez daki ama barruan dagoela, gerra amaitu baita, eta tiro egin baitio. Oihalezko etxeari. Gogor eutsi diot Bilalen eskuari. Aaliyahk gogor eutsi dio nire eskuari. Bilalen gurasoak, biak, oihalezko euren etxetik ateratzen ikusi ditugu, eta ikusi dugu, halaber, nola tirokatu dituzten horiek ere. Norbaitek hondakinen artean etzanarazi gaitu.

Gero beltzez jantzitako gizonak joan egin dira eta isiltasunak inguratu gaitu. Isiltasuna jasangaitza da, astuna. Eta motza. Berehala itzuli dira aienean eta intziriak, garrasiak eta isekak. Oihalezko etxe batzuk lurrean botata daude, eta besteak sutan kiskaltzen. Berriz akordatu naiz Yahannamarekin.

Bilal, Aaliyah eta hirurok kotxe batean sartu gaituzte eta bagaramatzate norabait.

Gerra amaituko dela esan dute, baina jotzen jarraitzen dute. Aspalditik dakit hau ez dela gerra bat.

2 Comments

  • Hitzontzi

    Hau idatzi potentea. Ez da gerra bateko kontakizuna, hau ankerkeria baten kontakizuna da. Historiak beste horrelakoak gertatu izan direla esanda zigun. Pentsatu genuen ikasita geundela eta beraz ez zitekeela berriro gertatu. Orain jabetzen gara inoiz ez dela ankerkeria geratu, lekuz eta formaz aldatzen dela eta hurrenak gu izan gaitezkeela.

    • kontalari

      Erantzuten hasi eta hiru aldiz idatzi dudana, hiru aldiz ezabatu dut. Arrazoiak eta aitzakiak ikusten ditut honela edo horrela erantzuteko, baina ezin dut ezer berririk esan. Egia esateko ez dakit ikasi dugun, ez dugun ikasi edo ez ote dugun gehiegi ikasi. Eta lehenengo pertsonan eman dut, hemen inor ez baita erabat errudun edo erabat errugabe.
      Erlijioa eta dirua elkarren aldamenean abiatzen direnean…

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude