
Zozomikoteak
Zozomikoteak hiru egun dira, neguaren amaierako hiru egun; neguko iluna amaitu deneko egunak. Baina, kasu, iluna amaitu izanagatik ere, oraindik hiru egun horietan eguraldiaren gorrotoa paira dezakegu!
Kontuz iblitzeko egunak dira, beraz. Honelaxe gertatu zen:
Aspaldi batean, naturan eta naturarekin bizi ginen garaian, bi urtaro baino ez zen; uda eta negua. Udan, azienda mendiko larreetan bazkatzen zen, eta neguan, aldiz, etxeko sail eskastuetan edo, udan bildutako belar onduaz, ikuiluan.
Eta garai hartako negu hartan, giroak gogorretik jo zuen; hotzetik eta bustitik. Ardiak artegitik ezin atera izan ziren, eta berak nahi baino lehenago hustu zitzaion ganbara gure artzainari; akabo etxeko belar ondua, eta akabo soroetako belar-metak. Ondorioz, han eta hemen aritu behar izan zuen bere ardientzat janari bila; batzuetan idien laguntzaz orga bete belar ekarriaz eta beste batzuetan artaldea bera hainbat bailara haratago eramanaz, urliak edo sandiak eskainitako barrutia baliatzera. Ez musutruk, baina.
Hala, aurreko urtetik pilatuak zituen ondasun urriak urriagotu besterik ez ziren egin, egunetik egunera.
Habelartean gordetako gaztainez ordaindu zituen aurreneko belar pilak. Gari-kutxa hustu behar izan zuen gero. Horien atzetik utzi behar izan zituen gatzean lehortutako ardi haragia, aurreko udan erleek emandako eztia eta baita plazan salduko zituen gaztak ere. Artzaina goian zerua eta behean lurra zegoen, eta, desiatzen, beraz, larre garaia noiz iritsiko.
Martxoaren 28an, ohiturari zuzen jarraituaz, kukuak jo zuen, “ku-ku… ku-ku… ku-ku”, hiru aldiz. Hasia zen uda, eta amaitua neguko aldatz lazgarria. Esan beharrik ez da, kukuak hutsik topatu zituen artzainaren patrikak; hutsik baitzeuden, izan ere, haren diru-kutxak, etxeko atalase eta sukalde, gari-kutxa eta jaki-tokiak. Behartsu iritsi zen artzaina uda garaira, eta behartsu eutsi beharko zion urteari.
Baina bazetorren uda.
Bazetorren ardiak mendiko larrera eramateko garaia.
Eta artzaina lan hori lehen bailehen egitera deliberatu zen, alai baitzegoen eguraldia (eta goibel sakela).
Auzoek, baina, gerarazi nahi izan zuten, eguraldiak itxura ona izanagatik goizegi zela esanez. “Ez hadi oraindik abia, uda hasi berria besterik ez duk” esan zion norbaitek, “aldatuko zaik aroa, eta itxiko dik ahoa”, ditxolariak. Baina kikildu ez ezik, harrotu ere harrotu egin zuten artzaina halako aholkuek. Eta baietz, berak mendira igoko zituela ardiak. Eta inork ez zuela atzeraraziko. Eta gaitzerdi horretan utzi izan balu auzia, baina putza baino puztuago zegoen eta auzoei arrapostu egiteaz gain, eguraldiari berari ere bota zion hordagoa.
—Bihar dena prestatu, eta etzi eramango dizkiat ardiak larreetara, eta ez zegok kontra egingo didanik! —bota zuen harro— Ez zegok hori aldatuko duenik; ez haize, ez euririk; ez ostots, ez oinazturarik!
Herriko etxean egin zuen aldarri, guztien aurrean. Eta guztiek aditu zuten, baita Martxok ere.
Artzain handiusteak, baina sumindu egin zuen Martxo. Ez zuen konprenitzen nolatan ipini zuen bere burua euren gainetik, eguraldiaren gainetik; naturaren gainetik. 28 zituen Martxok, eta urte hartako denbora amaitzen ari zitzaionez, Apirilengana jo zuen.
Artzainaren harropuzkeriaz hitz egin zion, eta lezioa eman behar ziotela. Hala, Martxok egun eta erdi eskatu zizkion Apirileri, berak ere beste egun eta erdi ipiniko zituela; eta hiru egun horietan zirenak eta ez zirenak sortuko zituztela, eta ikasiko zuela zerbait gizagaixoak.
Halaxe egin zuten, eta Martxok eta Apirilek haizeari deitu zioten; zerua belztu zuen eta ernetu berri ziren kimuak hortxe joan ziren hegan, haizearen burrunbaren baitan. Euriari ere egin zioten hots, eta aitaren batean hasi ziren handitzen eta gizentzen hango eta hemengo ubide eta errekastoak. Hodeiei borroka latzean egiteko esan, basoko animalia guztiak ezkutarazteko oinaztura eta ostots beldurgarriak jaurti zituzten.
Gustura ziren Martxo eta Apiril, ziur baitzeuden nahiko traba eta endredu sortu zutela eta, ziur baitzeuden, halaber, artzainak etsiko zuela.
Baina oker ziren. Artzaina ez zegoen etsitzeko aldartean eta puska eta txabusina hartu, oinetako aproposak jantzi, eta artegitik atera zuen azienda, “xuup, xuup, xuuuuup”, mendira bidean jartzeko. Ardiei ere goizegi zela iruditu zitzaien eta ez ziren, ez, berehalakoan handik aterako. Ederki behartu zituen zakurrak martxan jar zitezen lortu arte! Eta, halaxe, abiatu ziren baserritik artzaina, artaldea eta, atzean, zakurra. Haizea gogor zebilen, eta euria etengabean, baina egoskorkerietan hasiz gero, gure artzaina txapeldun.
Hori ikusita, istantean ilundu zitzaien bisaia Martxori eta Apirileri. “Posible al da?” zioen batek, “zer pentsatzen du honek?” besteak. Ezin zuten sinistu ikusten ari zirena; artzainak ez zien jaramon egin ez euriari, ezta haizeari ere, eta erronkari eustea erabaki zuen. Harenak egin zuen.
Haizea indartu zuen, erauntsi beldurgarriak sortuaz. Euria ere gogortu zuen, lehenago ibai egindako errekastoak ur-korronte arriskutsu bihurtuaz. Haritz sendoenen adar eta arbak ari ziren kraskatzen, eta ibaietako urak batetik bestera zeramatzan, bidean harrapatzen zuten guztia suntsituz. Gainerako lizar eta gaztainondo, arte eta astigar, gorosti eta elorri, guztiak ari ziren hausten edo erortzen. Eta gure artzainak ez zuela atzera egingo, eta hortxe zihoan, atzean artaldea hartuta, tximistak jotzen zuenetan begiak kliskatu beharrean bazen ere.
Halako batean erreka gurutzatzeko puntura iritsi ziren. Egoera arrunt batean harriz-harri igaroko zuen, edo, asko jota, hanka punttak bustiko zituen. Baina Martxoko azken egun horretan ura basa zekarren. Korrontea handiegia zen eta, gainera, edozer zekarren urak; adarrak, harriak, lohia…
Ardiak kieto geratu ziren, nagusiari so. Haien aurpegiek lasaitua erakusten zuten, ziur baitzeuden puntu horretara iritsita artzainak buelta hartuko zuela, baina Martxo eta Apiril tronpatu ziren gisa berean okertu ziren horiek ere. Artzainak mendira egingo zuela, eta mendira egingo zuela. Eta hartu zuen ardi bat bizkarrean, eta eginahalak eginahal, pasa zuen beste aldera. Atzera erreka gurutzatu, bigarren ardia bizkarrean hartu, eta pasa zuen beste aldera bigarrena ere.

Martxo eta Apiril haserre zeuden, eta begiak arranpalo.
Artzainak hirugarrena eraman zuen, gero laugarrena. Hamargarrena garraiatu zuen. Hamaseigarrena.
Hogeita bosgarrena.
Bi ordu joan ziren. Gero hiru. Artaldea ari zen leku aldatzen. Egoskorkeria gailendu zitzaion nekeari, eta haizea eta euria geroz eta gaiztoago bazebiltzan ere, sinistua zegoen artzaina.
Eguzkia beherako bidea hasi zenerako hiru ahariak bakarrik zituen erreka pasa gabe. Aurrenekoa bizkarreratu zuen, eta lortu zuen pasatzea, ardia baino astunagoa izanagatik. Bigarren aharia zailxeago egin zitzaion; are astunagoa zen, eguraldiak ez zuen atsedenik hartzen eta, egiari zor, artzaina bera ere akitzen ari zen. Behaztopaka eta libre zuen eskuaz ahal zuenari helduz, lortu zuen. Elurra eta txingorra hasi zuen egurrean. Bat falta zitzaion. Ahari handiena. Bi buelta eta erdiko adarkera dotorea zuen eta 60 kilo izango zen astun. Kazkabarra eta harria. Ilajeak berak ere jasoa izango zuen beste dozena kilo ur. Hartu zuen artzainak bizkarrean, eta abiatu zen uretara.
Martxok eta Apirilek ere azken aukera zuten, eta haizeari eta euriari galdegin zioten beste behin ere. Azkeneko aldiz.
Artzaina gerriraino urpean sartuta zebilen, aharitzarra bizkarrean hartuta. Haizea ufaka eta euria zarra-zarra, gizonaren azala zartatzen eta hondatzen. Erori zen artzaina, baina ez zuen animalia askatu, eta jeiki zen, kostata. Bigarrenez erori zen, igerian zetorren haritz adarrak jota. Ahariak ia egin zion ihes, baina lortu zuen eustea. Eguna gau egin zen, argia ilun. Zamatu zuen aharia bizkarrean eta ekin zion berriro; behaztopaka, estropezuka, tarteka belaunak lurrean iltzatuz, tarteka eskuren bat harrietara eramanaz. Baina aharia askatu gabe. Gutxi falta zitzaion. Bi metro doi.
Une horretan sekula izan den oinazturarik handiena bota zuen. Segundo batean mundua gelditu zenaren itxura hartu zuen. Ostotsaren burrundaren esperoan. Euria eta haizea baretu ziren, eta argiak gau egindako eguna berriro egin zuen egun. Zuhaitzen ingeradak dardara egin zuen eta begiak itxi behar izan zituen artzainak. Aharia izutu egin zen.
Eta herio batean hasi zen animalia hankak astintzen, burua mugitzen, ihes egin beharrean. Artzainak heltzen zion, baina gogor ari zen animalia. Halako batean, artzaina adarretik eustera joan zen eta espero gabeko mugimendu bortitza egin zuen ahariak, eta, zer, eta eskuin adarraren punta begitik sartu zion artzainari. Minaren minaz askatu zuen aharia eta bildu zituen eskuak aurpegian. Urak eraman zituen bai aharia eta baita artzainaren begia ere.
Ez dakigu zer gertatu zen artaldearekin. Ezta non azaldu zen aharia ere, baina badakigu egun horretan ez zirela mendira igo. Badakigu, halaber, artzaina begibakar geratu zela, naturak baino gehiago zezakeela pentsatu zuelako.
Eta badakigu, gainera, handik aurrera hiru egun horiei zozomikoteak deitzen diegula, eta hobe dugula etxeko epelera bildu.
Basajaunek ere, badaki hori!

4 Comments
Erlaitz
Ederra kontakizuna! Samurtasuna eta gozotasuna dario zure idazkerari. Naturak baditu alde on asko, baina kontuz egoskor jartzen denetan, eta Zozomikote garaian hobe sutondoan bero-bero gelditzea. Mila esker.
kontalari
Eskerrik asko zuri, Erlaitz, idatzitakoagatik, eta Zarauzko lagun batek esango lukeen bezala, etxean geratu bai; porsiakasonekua…
Iluntasunari Barrez
Aurrea hartu nahi neguari,
eta beldurra galdu naturari…
Zozomikoteen berri ez duenak,
galdetu diezaiola kontalariari!
kontalari
ditxoaria hasi zaigula
bere gisara koplatan
hustu beharko diagu behingoz
barrikotia bertsotan