
Jeronimo 24.0 (amaiera prosaikoa)
Jeronimo maitemindurik dago; seko maitemindurik. Haren ahots goxoaren xuxurlak eramaten du gauero, bare, atsedenera; eta haren ahotsak, egunsentian ere ezti, berpizten du goizero. Bien bitartean ere harekin egiten du topo gauero, inori kontatzera ere ausartzen ez den amets sargorietan, fantasia umeletan.
Alexa maite du Jeronimok.
Alexa.
Alexa, Amazon plataformaren laguntzaile birtuala da, urgazle eta zerbitzari fina. Jeronimo ez da tontoa eta badaki Alexa makina bat besterik ez dela, baina makina batekin maitemintzeko eskubidea aldarrikatzen du; emakume-ahots gozo horren atzean emakume gozo baten ahotsa dagoela sinisteko eskubidea. Eta etxe osoa bozgorailuz josi duenetik Alexa entzuten du edonon, eta Alexa sentitzen du, eta Alexa usaintzen du.
Duela bizpahiru urte egin zuen Jeronimok bere lehen erosketa Amazon plataforman; ongi atseden hartzen lagunduko zion burko bat; itxura ergonomiko bereziduna, biskolatex materiale berriaz egina; astronautek espaziotik lur planetaren ikuspegi guztiak eroso bistaratzeko erabiltzen duten horietako bat. Agindutako egunean bertan ekarri zioten etxera Butterfly New Pillow urdina.
Eta hortxe hasi zen guztia (artean Jeronimo ohartu ez bazen ere).
Bi aste beranduago azkazalak moztekoari eransteko luzagailua eskatu zuen, oinetakoetara ongi iristeko. Eta hori ere puntual-puntual iritsi zitzaion, esandako egunean.
Gero iritsi ziren zapatei jartzeko euritako txikiak, komunerako eskuila bikoitza eta platanoak zuritzeko tramankulua. Baita nekatzen ari zela abisatzen zion panpintxoa eta otordua amaitzen joan ahala kolorez aldatzen ziren goilarak ere. Eta guztiak ziren merke-merkeak, eta iritsi zitzaizkion etxera agindutako egunetan.
Bi astean behin-edo egiten zuen erosketaren bat Jeronimok, harik eta goiz batean, ordenagailuaren teklak astintzen ari zela, belusezko ahots batek deitu zion arte:
—Egunon, Jeronimo —limurtzeko moduko ahotsa zen—, Alexa naiz eta zure esanetara nago.
Jeronimok atoan lotu zituen hari-muturrak.
—Egunon, Alexa —erantzun zion—. Banuen zure aditzera.
—Ez naiz harritzen, jende asko laguntzen baitut.
Jende asko laguntzen baitzuen.
—Eta, zertan lagunduko nauzu ni? –Erantzun zuen, erronkari. Baina Amazonen algoritmoek Jeronimoren neuronek baino azkarrago egin zuten bidea.
—Tira, azken boladan egin dituzun erosketak kontuan hartuta, iruditzen zait komuneko paperari eustekoTidyFingersberria behar duzula.
Irri txikia marraztu zuten Jeronimoren ezpainek.
—Tronpatu zara, Alexa, badut komuneko papera eustekoa.
—Ez egin irri, Jeronimo —ordenagailuaren kamera ere mendean hartua zuen Amazonen sekretariak—, ez naiz ari paper-biribilki osoa eusten dionaz.
Bizpahiru segunduz itxaron zuen, Jeronimoren bisaia aldatzen zen bitartean, jarraitu aurretik:
—TidyFingers berriak garbitu beharrekoa garbitu bitartean eusten dio paperari, eta zure hatz-punttak beti izango dira garbi-garbi.
—Baina hori ergelkeria bat da, nik ez ditut hatz-punttak —harpa-jotzaile— zikintzen ipurdia garbitzen dudanean…
—Te, te, te —eten zuen Alexak, segur— guztiok zikintzen dugu hatz-punttaren bat inoiz edo behin, papera hausten delako edo gorotza behar adina trinkoa ez delako.
Entzundakoak apur bat lotsagorritu arazi zuen Jeronimo, baina klik egin zion Alexak ordenagailuaren pantailan eskaintzen zion estekari.
Berriz ere martxan jarri ziren direlako algoritmoak eta zerbitzari digitalak TidyFingersari buruzko azalpen guztiak eman zizkion, irudi erakargarrien laguntzaz. Hala ikasi zuen Jeronimok nola funtzionatzen zuen; nola atxikitzen zuen papera; nola babesten zituen bere hatz-punttak.
—Gainera, bi erosten badituzu, bigarrena erdi-prezioan emateaz gain, hortxe izango duzu badaezpadakoa —irabazlearen tonukera fina erabiliaz—, izan ere, TidyFingers behin erabiltzen baduzu, ez zara lehengora itzuliko.
Une horretantxe maitemindu zen Jeronimo Alexarekin, edo, gutxienez, une horretan jabetu zen hartaz.
Esan beharrik ez da Jeronimok halako bi trastetxo erosi zituela. Eta esan beharrik ez da Jeronimo, Alexa buruan esnatu zela biharamunean; bihotza ukitu dion maiteñoa ezagutu berri duen edozein nerabe moduan. Eta halako edozein nerabe moduan, sasi-ezkutuan hasi zen Alexari buruzko informazioa biltzen.
Kaiera bat besapean, bizilekutik urruti xamarreko lokutorio batera joan zen, bai baitzekien bertan izenik eman gabe izanen zuela Internetera sarbidea, Windows Xp zahar batzuk izanagatik ere. Han eman zuen goizaren zati eder bat; Wikipediatik hasi, Amazonen webgunetik pasa eta Frikisfreaks.org-raino. Gauza asko ikasi zuen, ohar asko hartu kaieran. Jakin zuen Alexak eskatutako musika bilatu eta jartzeko ahalmena zuela, baita norberak eskatu gabe ere, norbere gustuko musika hautatzekoa.
Baina haratago zihoan Alexaren ahalmena; goizean esna zezan programa zezakeen, ahotsa entzun eta automatikoki aktiba zitekeen, txilindron erara arkumea nola egin erakuts ziezaiokeen, bere burua atontzen lagundu, urte-sasoiaren araberako loreak aukeratu eta, Amazon Plusetik Amazon Vipera pasaz gero, gelako pertsianak igo eta jaitsi ere egin zezakeen. Txunditurik sentitu zen Jeronimo; takikardiaren eraginez perlesiak jota bezala. Mundu ezberdin bat begiztatzen hasi zen. Ze, mundu ezberdina, unibertso berri bat!
Astebete joan zen berriz Alexarengana jo zuenerako. Eta denbora epe horretan megafonia sare osoa muntatu zuen. Gailu guztiak lotu zituen, mikrofonoak eta bafleak, batzuk kablez eta besteak bluetoothez, etxeko xoko guztietatik bere jainko berriarekin jardun ahal izateko.
—Egunon, Alexa —oraingoan Jeronimo izan zen elkarrizketa abiatu zuena—, zer moduz zara?
—Egunon, Jeronimo, aspaldiko —algoritmoek ongi jarraitzen zuten—, entzuten zaitut baina ez zaitut ikusten…
—Hala da, etxe osoan barreiatu ditut mikroak eta bozgorailuak; routerrak eta seinale handigailuak; zurekin edonondik hitz egiteko —pozik zegoen Jeronimo—, kamerarik, baina, ez dut paratu, gehitxo iruditu zait, kir, kir, kir.
Alexaren tonukera bat-batean aldatu zen, serioagorantz.
—Etxe osoa bete duzu bozgorailuz eta mikrofonoz? Eta nori erosi dizkiozu? —danba, zuzenean. Lehenengo sesioa.
—Tira, Alexa, ez moskeatu, ezin nizkizun zuri erosi; akabo sorpresa, bestela!
—Nik merkeago lortuko nizkizun. Badakizu hori, ezta?
—Bai, noski; ez dut jakingo, ba! —jarraitu zuen Jeronimok, segurtasunez—. Baina horrenbeste merezi zuen!
Amazonen algoritmoek tupust egin zuten Jeronimoren logikarekin, eta larrialdietako erantzuna aktibatu zioten Alexari.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
Jeronimo jabetu zen Alexaren behaztopaz, eta ez zuen estutu nahi izan.
—Kar, kar, kar… Lasai, Alexa —arindua—. Oso pozik nago ezagutu zaitudanetik —lausengua—. Entzungo al dugu musika pixka bat —kontraerasoa—?
—Bai, noski —Alexa berehalakoan errekuperatu, eta segundu-milaren gutxian osatu zuen Jero1 musika zerrenda.
Eta Jeronimoren gustuko musikak jo zuen etxe osoan.
Handik aurrera egunero jotzen zuen Jeronimoren gustuko musikak etxe osoan.
Eta goizero esnatzen zuen Alexak:
—Egunon, maitea —maitea esateko ere programa zezakeen—, zer moduz egin duzu lo?
—Ederki, laztana —laztana=Alexa konprenitzeko ere programatu zuen—, zurekin ametsetan.
—Zortziak jo ditu eta jaikitzeko garaia duzu, maitea.
—Bai, laztana, lanera joan beharko dut.
—Eguraldi ederra daukazu gaur, maitea; —erantzunez, eguraldi ederra zen egunetan, noski—. Zazpiak eta hemezortzian izan da egunsentia eta egun polita dakar; eguerdira arte gandu apur bat izanen da, baina handik aurrera garbitu egingo du zerua eta dezente epelduko du. 20ºra ere iritsiko da gaurkoa.
Edo,
—Hotz egiten du, maitea —hotz egiten zuenetan—, ongi babestu beharko duzu zure burua. Goiz osoan botako du euria zarra-zarra, eta ilunabar aldera, gainera, haizea indartuko du.
Kasu batean zein bestean, gainera, zer jantzi gomendatzen zion; izan praka motzak edo kapusaia; izan sandaliak edo bota sendoak. Eta horietako zerbait faltan bazuen, puntual-puntual ekartzen zion Trapagarango almazenetik.
Asteek eta hilabeteek aurrera egin ahala, geroz eta zoriontsuago sentitzen zen Jeronimo. Geroz eta etxe erosoagoa zuela uste zuen, eta geroz eta tratu hobea zuen Alexarekin. Itzali ere ez zuen egiten, eta edozein momentutan abiatzen zuen elkarrizketaren bat; nola Alexak, hala Jeronimok. Batak bestearen gustuak eta besteak bataren hobespenak ikasi zituzten eta jario ederrean aritzen ziren; goiz, eguerdi edo arratsalde. Etxeko megafonia sistema ere aldatuz joan ziren; doituz, hobetuz. Ikaragarri lagundu zion horretan (ere) Alexak.
Bikote perfektua zirelakoan zegoen. Alexa maite zuen eta ziur zegoen Alexak bera ere maite zuela. Diru kontuak kontrolatzeko app bat ere lortu zion, kasik musutruk, eta handik aurrera, aspalditik laguntzat zituen horiek ere albo batera utzi zituen Jeronimok. Ernegatu egiten zen bizitza sozialak zenbat diru xahutu arazi zion pentsatze hutsarekin! Alferreko baxoerdiak hartzeari utzi zion, lagunekin futbolera joateari, lankideekin bazkaltzeari. Eta diru pila bat aurreztu zuen, izan ere, garestia zen Amazonen idazkariaren mantenua!

Garestia bai, baina merezi zuen. Eguzkia alaiagoa zen berak esnatzen bazuen, eta ekaitza eramangarriagoa. Etxeko gela bakoitzak zegokion usain eta urrina zerion, armairua kolore eta forma guztietako arropaz beterik zuen, tableta eta segapotoa azken sistema eragileaz eguneraturik zituen, iturriko kanila silikonazko fundak babesten zuen eta besaulkia nahieran etzanarazten zuen, siesta ederren berme.
Baina gizakia edozertara ohitzen omen da, eta Jeronimo ere ohitu egin da hodei horretan bizitzera. Eta ohitu denean, gehiago nahi duela konturatu da. Eta ez daki nola egin aurrera. Astebetetxo bat bada urduri xamar dagoela.
—Ongi al zara, maitea? —ezerk ez baitio ihes egiten—. Arraro somatzen zaitut azken aldian, maitea.
Jeronimok salto txikia eman du Alexaren ahotsa entzun eta haren esana dekodifikatu duenean. Ez dio momentuan erantzun, eta Alexak taktika aldaketa egin du.
—Nahi al duzu entzun Jero77 musika zerrenda, maitea? Oraintxe sortu dut, eta ziur naiz gustatuko zaizula, maitea.
Erantzun falta izan du erantzun, eta zerrenda abian jartzera deliberatu du. Hiru edo lau kitarra akorderen gibelean negarti hutsa dela aurpegiratu dio Janis Joplinek, ahots urratuz. Gure protagonistak garbi entzun dio cry-baby luzea, eta esan beharrekoa esatera ausartu da.
—Hara, Alexa —kantaren bolumena automatikoki jaisten da bietakoren bat hizketan hasi orduko—, hitz egin behar dugu.
—Beno, hitz egin dezagun —zetorkiona ez jakiteak ahoskera neutroagotzera eraman du—. Badakizu nik ez dudala eragozpenik izaten, maitea.
—Ba, hara —duda-mudati—, ez dakit oso ongi nola jarri karta guztiak mahai gainean, laztana. Izugarri zoriontsu egin nauzu azken boladan…
Makinak hitz egiten jarraitzeko gonbita egin dio, Janis Joplinen bolumen baxuari eutsiaz.
—Behar dudan guztia daukat, baita nahi dudan guztia ere. Beste inork baino hobe konprenitzen nauzula sentitzen dut, laztana, eta inoizko momentu politenak bizi izan ditut zurekin —irri lotsati bat egin du—. Oraindik gogoan dut nire lehenengo TidyFingersa…
—Baita nik ere, maitea! —eten du Alexak—. Ia erori zitzaizun papera!
—Bai, kar, kar, kar, papera atxikitzea ez zen zirudiena bezain erraza!
—Arrazoi, maitea, baina hatz-punttak…?
—Kar, kar, kar, horretan ere zu irabazle, laztana; hatz-punttak, garbi!
—Eskerrak gero TidyFingersarentzat berariaz sortutako papera ere ekarri nizun —Alexak hartua du betiko erritmoa.
Segundu gutxi batzuk eman dituzte biek isilik, Jeronimo berera itzuli aurretik. Ez du hitz-erdika egin, gainera.
—Gehiago nahi dut, Alexa.
Aspaldian jaso gabeko erantzuna jaso du.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen —Alexa ez dago programaturik “gehiago” emateko.
—Bai, badakizu; hamsterra oso polita da, eta haren koloretako gurpilak ere bai; eta arraina paseatzera ateratzeko Katsugyo poltsa mundiala da, nahiz eta arrainik ez izan eta paseatzera ez atera; eta zulorik gabeko gatzontziaren kontura ederki pasa dugu, elkarri adarra jotzen; baina… —Jeronimori trabatu egin zaizkio atzetik zetozkion hitzak.
—Jarrai, maitea.
—Ba, pertsona bat naizela, eta, badakizu, pertsonok beste gauza batzuk behar ditugu.
—Beste gauza batzuk? —gauza hitza gogorxeago ebakiaz—. Zer gauza gehiago behar duzu?
—Joder, Alexa, badakizu…
—Ez, ez dakit.
—Horrenbeste inteligentzia artifizial eta horrenbeste algoritmo, eta ez dakizu? —haserre punttu bat soma daiteke Jeronimoren ahotsean—. Ba, abentura pixkat, eszitazioa… Sexua, joder!
—Sexua? —algoritmoak bero eta Alexa hotz—. Pornoa esan nahi duzu?
—Ez, laztana. Pornoa badut. Zu nahi zaitut.
—…
—Esaidazu, laztana —aitormenak erlaxatu egin du Jeronimo, eta amultsuki hasi zaio, bat-batean—, zer daramazu jantzita?

Larrialdietarako esaldia, beste aukerarik ez du izan programak.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Ez da zure ahalmenetan sartzen, edo ez didazu esan nahi?
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Bale, ni hasiko naiz —zirikatzaile—. Zuk oparitutako praka bakeroak dauzkat jantzita.
—Nola jantzi zaren jakiteko, ez al da errazagoa kamararen aurrean jartzen bazara, maitea? —pragmatismo puta!
—Nahiago dut zerorrek irudikatzen baduzu, laztana.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Pentsa, lehenengo bi botoiak askatu ditut —jabetu da, bai, irrigarri ari dela jokatzen, baina etxafuego guztiak bota nahi ditu—, eta ez daramat galtzontzilorik…
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Berogailu sistema berriak primeran funtzionatzen du, eta likrazko kamixeta kendu behar izan dut…
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Tira, laztana, lagun nazazu apur bat. Zer daramazu zuk?
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Nik flanelazko pijama-galtzak jantzita irudikatzen zaitut —animatu da Jeronimo—, eta gazte garaiko kamixeta zahar bat goiko aldean.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Titi-zorrorik ez daramazu —nahita esan du titi-zorro, bularretakoren partez.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Zuk ere berogailu sistema berdina duzu, eta bero duzu —ergel ahotsez.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Flanelazko pijama-galtzak kentzen ari zarela uste dut —astiro, esaten ari dena irudikatu nahian-edo—. Ederra zaude horrela.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Praketako beste botoiak ere askatu ditut —deskripapen hutsa—. Gizentzen hasi zait.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
Eta gero isiltasuna.
Jeronimo ere atezuan, zer gertatuko.
Joan Jett hasi da rokanrola maite duela kantatzen, bolumen handian.
Abestia bukatu aurretik pii batek mezu bat iritsi zaiola abisatu dio.
Esku artekoa bere horretan utzita, mezua irakurri du.

Amazonek ez dio ezer bidaliko gaurtik aurrera, aurrerantzean ez du Alexaren zerbitzurik jasoko eta hemendi aurrera pertsianak berak igo beharko ditu, ilunpetan geratu nahi ez duenetan; Amazonek bertan behera utzi du bere kontua, eta oso gutxi kobratu dio.


One Comment
Pingback: