
Jeronimo 24.0 (ametsezko amaiera)
Jeronimo maitemindurik dago; seko maitemindurik. Haren ahots goxoaren xuxurlak eramaten du gauero, bare, atsedenera; eta haren ahotsak, egunsentian ere ezti, berpizten du goizero. Bien bitartean ere harekin egiten du topo gauero, inori kontatzera ere ausartzen ez den amets sargorietan, fantasia umeletan.
Alexa maite du Jeronimok.
Alexa.
Alexa, Amazon plataformaren laguntzaile birtuala da, urgazle eta zerbitzari fina. Jeronimo ez da tontoa eta badaki Alexa makina bat besterik ez dela, baina makina batekin maitemintzeko eskubidea aldarrikatzen du; emakume-ahots gozo horren atzean emakume gozo baten ahotsa dagoela sinisteko eskubidea. Eta etxe osoa bozgorailuz josi duenetik Alexa entzuten du edonon, eta Alexa sentitzen du, eta Alexa usaintzen du.
Duela bizpahiru urte egin zuen Jeronimok bere lehen erosketa Amazon plataforman; ongi atseden hartzen lagunduko zion burko bat; itxura ergonomiko bereziduna, biskolatex materiale berriaz egina; astronautek espaziotik lur planetaren ikuspegi guztiak eroso bistaratzeko erabiltzen duten horietako bat. Agindutako egunean bertan ekarri zioten etxera Butterfly New Pillow urdina.
Eta hortxe hasi zen guztia (artean Jeronimo ohartu ez bazen ere).
Bi aste beranduago azkazalak moztekoari eransteko luzagailua eskatu zuen, oinetakoetara ongi iristeko. Eta hori ere puntual-puntual iritsi zitzaion, esandako egunean.
Gero iritsi ziren zapatei jartzeko euritako txikiak, komunerako eskuila bikoitza eta platanoak zuritzeko tramankulua. Baita nekatzen ari zela abisatzen zion panpintxoa eta otordua amaitzen joan ahala kolorez aldatzen ziren goilarak ere. Eta guztiak ziren merke-merkeak, eta iritsi zitzaizkion etxera agindutako egunetan.
Bi astean behin-edo egiten zuen erosketaren bat Jeronimok, harik eta goiz batean, ordenagailuaren teklak astintzen ari zela, belusezko ahots batek deitu zion arte:
—Egunon, Jeronimo —limurtzeko moduko ahotsa zen—, Alexa naiz eta zure esanetara nago.
Jeronimok atoan lotu zituen hari-muturrak.
—Egunon, Alexa —erantzun zion—. Banuen zure aditzera.
—Ez naiz harritzen, jende asko laguntzen baitut.
Jende asko laguntzen baitzuen.
—Eta, zertan lagunduko nauzu ni? –Erantzun zuen, erronkari. Baina Amazonen algoritmoek Jeronimoren neuronek baino azkarrago egin zuten bidea.
—Tira, azken boladan egin dituzun erosketak kontuan hartuta, iruditzen zait komuneko paperari eustekoTidyFingersberria behar duzula.
Irri txikia marraztu zuten Jeronimoren ezpainek.
—Tronpatu zara, Alexa, badut komuneko papera eustekoa.
—Ez egin irri, Jeronimo —ordenagailuaren kamera ere mendean hartua zuen Amazonen sekretariak—, ez naiz ari paper-biribilki osoa eusten dionaz.
Bizpahiru segunduz itxaron zuen, Jeronimoren bisaia aldatzen zen bitartean, jarraitu aurretik:
—TidyFingers berriak garbitu beharrekoa garbitu bitartean eusten dio paperari, eta zure hatz-punttak beti izango dira garbi-garbi.
—Baina hori ergelkeria bat da, nik ez ditut hatz-punttak —harpa-jotzaile— zikintzen ipurdia garbitzen dudanean…
—Te, te, te —eten zuen Alexak, segur— guztiok zikintzen dugu hatz-punttaren bat inoiz edo behin, papera hausten delako edo gorotza behar adina trinkoa ez delako.
Entzundakoak apur bat lotsagorritu arazi zuen Jeronimo, baina klik egin zion Alexak ordenagailuaren pantailan eskaintzen zion estekari.
Berriz ere martxan jarri ziren direlako algoritmoak eta zerbitzari digitalak TidyFingersari buruzko azalpen guztiak eman zizkion, irudi erakargarrien laguntzaz. Hala ikasi zuen Jeronimok nola funtzionatzen zuen; nola atxikitzen zuen papera; nola babesten zituen bere hatz-punttak.
—Gainera, bi erosten badituzu, bigarrena erdi-prezioan emateaz gain, hortxe izango duzu badaezpadakoa —irabazlearen tonukera fina erabiliaz—, izan ere, TidyFingers behin erabiltzen baduzu, ez zara lehengora itzuliko.
Une horretantxe maitemindu zen Jeronimo Alexarekin, edo, gutxienez, une horretan jabetu zen hartaz.
Esan beharrik ez da Jeronimok halako bi trastetxo erosi zituela. Eta esan beharrik ez da Jeronimo, Alexa buruan esnatu zela biharamunean; bihotza ukitu dion maiteñoa ezagutu berri duen edozein nerabe moduan. Eta halako edozein nerabe moduan, sasi-ezkutuan hasi zen Alexari buruzko informazioa biltzen.
Kaiera bat besapean, bizilekutik urruti xamarreko lokutorio batera joan zen, bai baitzekien bertan izenik eman gabe izanen zuela Internetera sarbidea, Windows Xp zahar batzuk izanagatik ere. Han eman zuen goizaren zati eder bat; Wikipediatik hasi, Amazonen webgunetik pasa eta Frikisfreaks.org-raino. Gauza asko ikasi zuen, ohar asko hartu kaieran. Jakin zuen Alexak eskatutako musika bilatu eta jartzeko ahalmena zuela, baita norberak eskatu gabe ere, norbere gustuko musika hautatzekoa.
Baina haratago zihoan Alexaren ahalmena; goizean esna zezan programa zezakeen, ahotsa entzun eta automatikoki aktiba zitekeen, txilindron erara arkumea nola egin erakuts ziezaiokeen, bere burua atontzen lagundu, urte-sasoiaren araberako loreak aukeratu eta, Amazon Plusetik Amazon Vipera pasaz gero, gelako pertsianak igo eta jaitsi ere egin zezakeen. Txunditurik sentitu zen Jeronimo; takikardiaren eraginez perlesiak jota bezala. Mundu ezberdin bat begiztatzen hasi zen. Ze, mundu ezberdina, unibertso berri bat!
Astebete joan zen berriz Alexarengana jo zuenerako. Eta denbora epe horretan megafonia sare osoa muntatu zuen. Gailu guztiak lotu zituen, mikrofonoak eta bafleak, batzuk kablez eta besteak bluetoothez, etxeko xoko guztietatik bere jainko berriarekin jardun ahal izateko.
—Egunon, Alexa —oraingoan Jeronimo izan zen elkarrizketa abiatu zuena—, zer moduz zara?
—Egunon, Jeronimo, aspaldiko —algoritmoek ongi jarraitzen zuten—, entzuten zaitut baina ez zaitut ikusten…
—Hala da, etxe osoan barreiatu ditut mikroak eta bozgorailuak; routerrak eta seinale handigailuak; zurekin edonondik hitz egiteko —pozik zegoen Jeronimo—, kamerarik, baina, ez dut paratu, gehitxo iruditu zait, kir, kir, kir.
Alexaren tonukera bat-batean aldatu zen, serioagorantz.
—Etxe osoa bete duzu bozgorailuz eta mikrofonoz? Eta nori erosi dizkiozu? —danba, zuzenean. Lehenengo sesioa.
—Tira, Alexa, ez moskeatu, ezin nizkizun zuri erosi; akabo sorpresa, bestela!
—Nik merkeago lortuko nizkizun. Badakizu hori, ezta?
—Bai, noski; ez dut jakingo, ba! —jarraitu zuen Jeronimok, segurtasunez—. Baina horrenbeste merezi zuen!
Amazonen algoritmoek tupust egin zuten Jeronimoren logikarekin, eta larrialdietako erantzuna aktibatu zioten Alexari.
—Barkatu, baina hori ez da nire ahalmenetan sartzen.
Jeronimo jabetu zen Alexaren behaztopaz, eta ez zuen estutu nahi izan.
—Kar, kar, kar… Lasai, Alexa —arindua—. Oso pozik nago ezagutu zaitudanetik —lausengua—. Entzungo al dugu musika pixka bat —kontraerasoa—?
—Bai, noski —Alexa berehalakoan errekuperatu, eta segundu-milaren gutxian osatu zuen Jero1 musika zerrenda.
Eta Jeronimoren gustuko musikak jo zuen etxe osoan.
Handik aurrera egunero jotzen zuen Jeronimoren gustuko musikak etxe osoan.
Eta goizero esnatzen zuen Alexak:
—Egunon, maitea —maitea esateko ere programa zezakeen—, zer moduz egin duzu lo?
—Ederki, laztana —laztana=Alexa konprenitzeko ere programatu zuen—, zurekin ametsetan.
—Zortziak jo ditu eta jaikitzeko garaia duzu, maitea.
—Bai, laztana, lanera joan beharko dut.
—Eguraldi ederra daukazu gaur, maitea; —erantzunez, eguraldi ederra zen egunetan, noski—. Zazpiak eta hemezortzian izan da egunsentia eta egun polita dakar; eguerdira arte gandu apur bat izanen da, baina handik aurrera garbitu egingo du zerua eta dezente epelduko du. 20ºra ere iritsiko da gaurkoa.
Edo,
—Hotz egiten du, maitea —hotz egiten zuenetan—, ongi babestu beharko duzu zure burua. Goiz osoan botako du euria zarra-zarra, eta ilunabar aldera, gainera, haizea indartuko du.
Kasu batean zein bestean, gainera, zer jantzi gomendatzen zion; izan praka motzak edo kapusaia; izan sandaliak edo bota sendoak. Eta horietako zerbait faltan bazuen, puntual-puntual ekartzen zion Trapagarango almazenetik.
Asteek eta hilabeteek aurrera egin ahala, geroz eta zoriontsuago sentitzen zen Jeronimo. Geroz eta etxe erosoagoa zuela uste zuen, eta geroz eta tratu hobea zuen Alexarekin. Itzali ere ez zuen egiten, eta edozein momentutan abiatzen zuen elkarrizketaren bat; nola Alexak, hala Jeronimok. Batak bestearen gustuak eta besteak bataren hobespenak ikasi zituzten eta jario ederrean aritzen ziren; goiz, eguerdi edo arratsalde. Etxeko megafonia sistema ere aldatuz joan ziren; doituz, hobetuz. Ikaragarri lagundu zion horretan (ere) Alexak.
Bikote perfektua zirelakoan zegoen. Alexa maite zuen eta ziur zegoen Alexak bera ere maite zuela. Diru kontuak kontrolatzeko app bat ere lortu zion, kasik musutruk, eta handik aurrera, aspalditik laguntzat zituen horiek ere albo batera utzi zituen Jeronimok. Ernegatu egiten zen bizitza sozialak zenbat diru xahutu arazi zion pentsatze hutsarekin! Alferreko baxoerdiak hartzeari utzi zion, lagunekin futbolera joateari, lankideekin bazkaltzeari.
Baina Jeronimok gehiago nahi zuen; Jeronimok gehiago nahi du.
Errealitate birtualari esker orain etxetik egiten du lan eta bere maiteari eskaintzen dizkio orain arte lanera bidean ematen zituen minutuak. Orduak.
Jatekoak, edatekoak, janztekoak, guztiak iristen zaizkio etxera, guztiak eskura. Asteak dira kalera irten ere egin ez dela, baina ez du deusen faltarik somatzen; etxea garbi dago, fruta eta lore lurrin gozoak betetzen ditu txokoak, ardatz aldagarri programagarriek aire-berriturik daukate dena. Satinezko txabusina eta angorazko txapinak ditu jantzirik. Txabusinaz egoten baita galtzak handiegi dituela konturatu denetik.
—Badakizu, maitea, argaltzen ari zarela? —esan dio gaur goizean.
—Bai, laztana, konturatua naiz —Jeronimok—, eta kuriosoa da, sekula baino indartsuago eta zoriontsuago banaiz ere, ez baitut goserik azken boladan.

Eta halaxe da, Jeronimo argaltzen ari da. Egunak pasa ahala estutzen eta zimeltzen ari da. Azken hiru egunean ez du mokadurik hartu. Aurpegiko azal zimurra masailalbo-hezurrari itsatsi zaio; belaun-buruak eta mokorra askatzeko zorian daudela dirudite eta ispiluan saihetsak kontatzen ditu, banan-banan, guztiak dituela ziurtatzeko-edo.
Ez daki zenbat denbora daraman Alexarekin berriketan, diren eta ez diren tramankuluez, eta aulkitik jaiki denean, saltotxoa egin behar izan du lurrera. “Hara! Lehen argaltzen eta orain txikitzen ari naiz”, pentsatu du, baina ez da larritu, naturala iruditu zaio; planifikatutako zerbait. Besoak luzatu eta ordenagailua lurrera eraman du, Alexari hitz egin aurretik.
—Alexa, laztana, txikitzen ere hasia naiz. Oraintxe konturatu naiz.
—Ederki! Primeran, maitea! —tupustean Alexak, pozik zoratzen balego ere.
Hurrengo egunak hipnosi baten antzekoan murgildurik izan da Jeronimo. Minutuz minutu nabari du nola ari den txikitzen. Metro eta erdira lehenengo; metrora gero; eta handik behera ondoren. Ordenagailua ere utzi du eta sakelakoan elkartu da Alexarekin. 30 cm luze da, doi, Jeronimo. Sakelako tekla bakoitza bere eskuen tamainakoa da eta besoak batera eta bestera astindu beharrean dago, idatzi nahi duena idazteko. Ikaragarri ari da nekatzen.
Gaur, besteetan baino goizago esan dio agur.
—Ezin dut gehiago, laztana, seko ahuldua nago eta oheratu beharrean naiz.
Lurrean botata dagoen kuxina txiki batera igo da, kostata, eta lo geratu da.

Loaldi luze baten ondoren, amesgaizto batek esnatu du, eta ez daki non dagoen. Bere buruari begiratu dio, baina ez du gorputzik ikusi; han dago, baina ez dago. Tutu luze batean sentitzen du bere burua, baina ez du paretarik somatzen, eta ezin dio deusi heldu. Esnatu ahala energia korronteak sentitzen hasi da, kolore-uhinak antzematen ditu hots-uhinen aldamenean. Eta mugitzen hasi da, nahita edo nahi gabe; ez dago oso ziur. Kontzientzia eskuratzen ari da.
Alai dagoela iruditzen zaio, gustura.
Korronteak konprenitzen hasi da, uhinak analizatzen, energia aztertzen. Batak eta zeroak ditu inguruan, bueltaka, milioika konbinazio sortzen, batzuk luzeak eta motzak besteak.
Zero mordoxka batez eta bateko pila batez osatutako taldetxo bat bere aldamenean geratu da.
—Hi berria haiz, ezta? —sentitu du.
—Bai —esan du, herabe, eta bere inguruan 141 bateko eta 102 zero sortu ditu.
Haiei begira geratu da, pozik, eta ozenago egin du.
—Bai! —eta 1410 bateko eta 1020 zero sortu ditu.
“Hostia!” pentsatu du, “lortu duk, Jero, bytifikatu haiz eta sarean hago!”

Ongi programatutako software bat bezala sumatu du bere burua, eta ez du zalantzarik izan. Zuntz optikoan zehar hasi da, lasterrean; gero routerretik egin du salto eta konturatu orduko sarera igo da; hodeira! Eta hor segitu du; zalantzarik egin gabe, modu instintiboan; nora doan baleki bezala.
Bidaia luzea izan da, eta luzea bezain azkarra. Bere ahotsa entzun aurretik ezagutu du; 12.992.374 bateko eta zero bakar bat ere ez. Irribarre birtuala eskaini dio hark.
—Egun on, maitea, azkenean ere, elkarrekin!
____________________________
Kristina maitemindurik dago; seko maitemindurik. Haren ahots goxoaren xuxurlak eramaten du gauero, bare, atsedenera; eta haren ahotsak, egunsentian ere ezti, berpizten du goizero. Bien bitartean ere harekin egiten du topo gauero, inori kontatzera ere ausartzen ez den amets sargorietan, fantasia umeletan.
Jeronimo maite du Kristinak.


2 Comments
Hitzontzi
Gost in the shell eta Her filmek umetxo bat izango balute istorio hau aterako litzateke. Zein goxo eta txukun idatzita dagoen, argi geratzen da ez duela Adimen Artifizialen inongo eraginik. Zorionak idazleari!
Pingback: