
Minbizia
Minbizia
Inongo medikuk esan aurretik ere nabaritua zuen karramarroa, barruan, bere lana egiten. Batzuetan gora, besteetan behera. Inoiz astiroxeago; sarri, azkar antzean. Ez ziren, ez, garai gozoak izan; mina, beldurra, lotsa ere bai, tarteka. Borroka luzeari ekin zion.
Azken urteetan kimioterapia eta erradioterapia teknikek asko egin zuten aurrera eta tratamenduak inoiz baino zehatzagoak, garbiagoak eta azkarragoak ziren. Ez horren erasokorrak, gainera. Jaso zuen batetik eta jaso zuen bestetik.
Jaso zuen denetatik. Ibili zen medikuz-mediku eta ospitalez-ospitale. Atseden hartu zuen; botikak hartu zituen; hartu zuen botika gehiago aurreko botikek eragindako kalteei buru emateko. Eman zituen egunak lo eta pasa zituen gauak begirik bildu gabe.
Urteak joan dira.
Karramarroa garaitu zuen.
Kimioterapiak lagundu zion, erradioterapiak ere bai. Medikuek ahalegin handia egin zuten, ospitaleek euren papera jokatu zuten. Eta, hala ere, beste zerbait izan zen benetan minbizia akabatu zuena…
bizimina

