umorezkoak; kolore guztietakoak

Infernuan alderrai!

Kanpandorreari egin diot so. Bero errea da, sua dario; gehiegi irailerako. Kaleak hutsik dira eta garaiz heldu naiz. Bi minutu. Ehun eta hogei segundo. Hori da oraindik falta dena. Ostiaren beroa egiten du eta, hala ere, ez dut uste berrogei gradu horiek direnik kopeta goitik behera zeharkatzen dituzten tantak eragin dituztenak.

Ez. Tentsioa da, beldurra da. Samen mailu-hotsa da, pinuzko katabuta egiten.

Kosta egiten zait sua arnastea. Alkandora erabat itsatsi zaio bizkarrari eta gorputzeko barrunbe guztiak urratzen hasiak zaizkit, ehunaren eta izerdiaren erruz. Metalezko hesi berdea daukat aurrean, zentimetro eskasetara; barrualdea eta kanpoaldea bereizten dituen hesia; eskolako patioa eta kalea; kaosa eta kosmosa. Alanbrezko erronboetan korapilatu ditut behatzak. Bero zagok, arraioa. Ehun eta hamalau, ehun eta hamahiru. Hesia askatu dut.

Eskolako patio mortua dakusat. Arimarik ere ez. Margo hautsidun ateak sare korrokoilen babesean, saskibaloi-saskiak eta patata zorroren bat edo beste. Eta motxila bat; ahantzia, akaso; utzia, seguruenik ere. Kanpandorreko ordulariaren orratz fina bere erritmoan doa; presarik gabe baina errukirik gabe. Eta ni atzerako kontaketan; ehun eta hamar, ehun eta bederatzi, ehun eta zortzi. Ezin dut listua irentsi. Ez zaidala listurik geratu ere egiten pentsazen dut eta ez den zerbait irentsi nahian nabilela iruditzen zait. Min egiten dit, ia. Eta, hala ere zigarreta piztu dut. Ducados.

Haize leun eta astunak platanondoen hostoak astindu ditu; goratu ditu, irauli, zabor poltsaren batekin nahasi eta Sergio Leoneren estepikurtsoreei bezala utzi die joaten, hauts ubera lehorra utziz. Eta hiru hankako zakur batek eseritzea beste erremediorik ez du, begia marruskatuko badu. Ulu egin du. Eta izerdia bizkarrean behera sentitu dut. Laurogeita hamasei, laurogeta hamabost, laurogeita hamalau.

Eguzkia goian da oraindik, bai, baina ez da eguzkia; argia da. Argi itsugarri horrek, indar horrek, begiak txilotzera behartu nau. Suzko asfaltodun kantxako marrak desitxuratu ditu, atzeko eraikinarekin nahastuaz, ezinezko marrazkiak sigi-sagatuaz. Sugandilak nagikeriaz dabiltza horman gora. Eta Ennio Morricone txistu egitera etorri zait; piribiribi, pi, pi, pi… piribiribi, pi, ri, biiii… Eskuak izerditan blai ditut; horrela ezingo nuke tinko heldu eta kale egingo nuke; hilda nengoke. Keinu automatiko batean eskuin esku-ahurra, esku ona, lehortu dut galtzetan. Hirurogeita hamabi, hirurogeita hamaika. Eta berrogeita bi gradu. Patioak hutsik segitzen du. Patioa, besterik ez.

Kontrako espaloitik gizon batek ni nagoen lekurantz gurutzatu du errepide hutsa. Nigana dator zuzenean. Astiro dator, niri begira, beste inora begiratzeko beharrik gabe bezala. Haren kopeta ere izerdiak dirdiratua dago. Lee Van Cleef. Hamabost bat metrora gelditu da, keinu zoli bat egin dit eta patiorantz biratu du gorputza. Tu egin du. Hirurogei, berrogeita hemeretzi. Azken itzulia. Badakit haren begi-bazterra nire eskua zaintzen ari dela. Nik ere tu egin dut.

Zirrista bat whisky hartuko nuke baina, gehientsuenetan bezala, leku okerrean eta une erratuan nago. Itxaron beste aukerarik ez dut. Nik ere patiorantz biratu dut gorputza. Mugimendu gehiago sumatu dut inguruan. Halaxe izan ohi da; garaia iritsi ahala molde ezberdineko jendea patiora gerturatzen da. Sekula ez dut jakin izan non ostiatik agertzen diren. Korridore bat sortu da eta kantinaren atzetik Baxter Anaiak datoz, karkara ozenen artean. Berrogeita zortzi, berrogeita zazpi, berrogeita sei.

Sugandilak desagertu egin dira. Koldarrak ifernuan alderrai dabiltza. Tentsioa usain dezaket. Kanpandorreko erlojuari begiratu diot ostera; astiro doaz segundoak, orratzaren zarata entzun dezaket; dzak, dzak, dzak. Gainontzekoei begiratu diet. Apur bat gehiago txilotu ditut begiak, une zehatzean izerdia begietara sar ez dakidan. Bero egiten jarraitzen du. Eguzki-galga totala. Batzuk eskuko erlojuari egin diote so. Hogeita hamabi, hogeita hamaika. Beste batzuk, ni tarteko, kanpandorrekoari. Hogeita hamar, hogeita bederatzi. Zerbait mugitu da amiñi bat.

Alboko ate txiki bateko zirrikituak gizontxo bat bota du patiora. Patio erraldoiera, patio kiskalgarrira, patio mortura. Armonikaren kantua isildu egin da, gizontxoak belarrondoko itogarriari buelta eman artean. Hogeita zazpi. Gizontxoa patioa gurutzatzen hasi da, dozenaka begi pare barrandan dagoen bitartean, alanbrezko erronboei lotuta. Gorputza tenkatu dut.

Ducadosari azken zupada kendu eta mutxikina bota dut. Hankak ongi bermatu eta zuzen jarri naiz. Gihar guztiak luzatu ditut disimuluan, beste guztiek bezalatsu. Lepoak kraskaka entzun ditut, besoak luzatzen ikusi, koadrizepsak eta femoralak ernetzen sentitu. Lee Van Cleefek tu egin du berriro. Hogeita lau.

Baxter Anaiek barre egiteari utzi diote. Ez diote, sikira, elkarri begiratzen.

Hogei.

Gizontxoak eten txiki bat egin du guri begiratzeko, bai baitaki zer gertatuko den aurki. Gure pentsamenduak entzuten dituela dirudi. Hamazazpi. Zoria agintari. Carpe Diem. Gizontxoak bere bideari darraio. Ate nagusira iritsi da.

Hamabost.

Samek mailua utzi du. Bera beste filme batekoa da.

Hamabi.

Gizontxoak giltza handi bat atera du zorrotik, zerrapoan sartu du eta hari eragin aurretik kanpandorreari begiratu dio. Eta eutsi egin dio.

Zortzi.

Zzzzaaazzzpiii.

Sssseeeeeiiiii.

Gogor heldu dut itxituraren alanbrea. Erretzeari utzi dio, ez dut minik sentitzen. Bihotza indarrean ari da taupaka, ia ikus ditzaket haren punpak alkandoran. Zurrusta batean ari naiz izerditan. Sakon hartu dut arnasa.

Lau.

Hiru.

Azken soa kanpandorreari. Bi. Hor doaz hiru orratzak. Bat. Hirurak elkarrekin dantzan.

Zero! Bostak!

Giltzak jira egin du zerrapoan, itzuliak kanpai-hotsean itoaz; grronk, grronk. Eta ate nagusia kirrinka baten erritmoan hasi da zabaltzen. Labaingarria falta zaio. Gizontxoak ez dio ateari tira; bakarrik mugitzen ari dela dirudi, berezko indar bat bultzaka ari balitzaio bezala. Geroz eta azkarrago, kirrinka hotsa altuagoan. Gizontxoa ongi trebatua dago, eta jauzi harrigarri azkar eta bizi bat emanda, ate aurretik kendu du bere burua. Izaki txiki saldo bat atera da bertatik; saltoka, garrasika, estropezuka. Handienek airean gurutzatu dute patioa eta eurak izan dira lehenak eskolatik ateratzen; txikienei luzexeago egin zaie bidea.

Baina guzti-guztiak iritsi dira euren mugara, algaraka edo gaur zer egin duten ozen kontatzen. Eta orduan, bat-batean, izaki nimiño horietako batek, nire izaki nimiñoak, gainera egin dit jauzi, hizkuntza ulergaitz batean kalakan, besarkada handiena lapurtu eta nire burutazioetatik ateratzeko.

Bai, pentsatu dut, komeni horrenbeste Western ez ikustea; bazkalostean, batez ere…

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude