
Arrakasta
Arrakasta
Gogor aritu zen unibertsitatean klaseko onena izateko; eta lortu zuen, hein handi batean, askoren eredu izatea. Asko ikasi zuen, unibertsitate-garaitik haratago, gogoko zuen lanpostua eskuratzeko; eta, azkenean, huraxe bera ez, baina oso antzekoa, ia parekoa, lortu zuen. Tinko egin zuen lan enpresan gorabidea egiteko; eta goraino izan ez bazen ere, egin zuen gora.

Beti egiten zuen topo bera baino hobea zen norbaitekin; beti ipintzen zion muga bera baino azkarragoa zen norbaitek, muga berak zuela ikusi gabe. Muga bera zela konturatu gabe.
Eta loaldiari denbora lapurtu zion diru gehiago irabazteko, familia alboratu zuen laneko laudorioen truke, elikadurari eta osasunari muzin egin zien, irribarreak eta bisaia goxoak nagusientzat gordetzeko. Erretreta hartzeko egunari ere iskin egin zion eta lanean jarraitu zuen, dirua pilatzen. Dirua pilatzeko.
Egun batean, ezaugarri berezirik gabeko egun arrunt batean, hil zen. Agindua zuenari jarraiki, lurpera eraman zezakeen aberastasun guztiarekin eman zioten lur; han ziren urre, bitxi eta diru-paperak! Inork ez daki sekula jabetu ote zen bere arrakasta ez zela sekula halakorik izan.
arrastakA
